Hizkuntza ikasteak, komunikaziorako gaitasunaren garapen
gisa ulertuta, laguntza erabakigarria ematen du gaitasun soziala eta
herritartasuna garatzeko, hau da, harremanetarako, bizikidetzarako, pertsonen
arteko errespeturako eta elkar ulertzeko trebetasun eta abilezien multzoa garatzeko.
Izan ere, hizkuntza ikastea besteekin komunikatzen ikastea da, besteek
transmititzen dutena ulertzen eta beste errealitate batzuetara hurbiltzen
ikastea.
Aukerako irakasgaiak lagundu egiten du informazioaren
tratamendurako gaitasuna eta gaitasun digitala garatzen: une bakoitzean behar
den informazioa bilatu eta aukeratu behar da eta nork bere ahozko eta idatzizko
testuak sortzeko erabili behar du. Lanak egiteko teknologia berriak erabiliko
dira, idazketa prozesuko lan batzuk (plangintza, testua egitea, berrikustea...)
eraginkortasun handiagoz egin ahal izateko. Horrek ere lagundu egiten du
gaitasun hau lortzen.
Hizkuntza gaitasunak landuz gero, ikasten ikasteko
gaitasuna errazago lortzen da. Izan ere, ikasteko gertutasuna eta ikaskuntza
antolatzeko abilezia sustatzen dira, autonomiarako, diziplinarako eta
gogoetarako trebetasunak ere sustatu egiten dira, eta norberaren gaitasun eta
baliabideez jabetzera bultzatzen da, baita norberaren akatsak onartzera ere,
hobekuntzarako tresna gisa.
Hizkuntza erabiltzen ikasten denean, arazoak aztertzen
eta konpontzen, planak egiten eta erabakiak hartzen ere ikasten da,
hizkuntzaren eginkizunetako bat gure gizarte jarduera arautu eta bideratzea
baita. Horregatik, hizkuntza trebetasunak lantzea lagungarria da ekimen
pertsonala garatzeko eta nork bere jarduera gero eta autonomia handiagoz
erregulatzeko.
Helburuak
1. Hizkuntza ahoz eta idatziz erabiltzea gizarte eta
kultura jardueran, modu argi eta zehatzean, nahikoa arin eta aise, egoera eta
funtzio desberdinetara egokituz, begirunea eta gizabidea agertuz.
2. Hizkuntzari eta hizkuntzaren erabilerari buruzko
ezagutzak nolabaiteko autonomiaz aplikatzea ahozko eta idatzizko testuak
ulertzeko eta egoki (hizkuntza erregistro desberdinak erabiliz), zuzen eta
koherentziaz idatzi eta mintzatzeko.
3. Erakundeekiko eta pertsonen arteko komunikaziorako
idazki mota guztiak ulertu eta erabiltzea: gutunak, eskabideak, txostenak,
albisteak, erreportajeak...
4. Hizkuntza erabiltzea gauza berriak ikasteko,
errealitatea ulertu eta aztertzeko eta pentsamendua finkatu eta garatzeko
tresna gisa.
5. Komunikabideek (prentsa, irratia eta telebista) esaten
dutena interpretatzea eta arreta bereziz aztertzea ahozko eta idatzizko
adierazpena, baita horrek hitzez besteko kodeekin duen erlazioa ere,
komunikabideetatik datozen mezuei buruzko jarrera kritikoa garatzeko.
6. Irakurketa eta idazketa baloratzea, komunikatzeko
bideak eta kultura aberastasunaren eta pertsonen gozamenaren iturriak diren
aldetik.
7. Norberaren baliabideak edo kontsultarako baliabideak
(hiztegiak, gramatikak, testu prozesadoreak...) erabiltzea norberaren akatsak
zuzentzeko.
8. Eskola liburutegia nahiz informazioaren eta
komunikazioaren teknologiak erabiltzea irakasgaiari buruzko lanak arrazoitu eta
orientatzeko eta ezagutzak ikasi eta partekatzeko tresna gisa.
Nerea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario